XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakasleek, aldiz, a esan eta bere klasearekin jarraitzen zuten, beste ezer galdetu gabe.

Jakina, gehiegikeria iruditu arren, ez zuten lankideen arteko istiluetan sartu nahi.

Bakoitzak egin zezala ahal zuena bere orduan, eta hor konpon besteak, horrelako zerbait pentsatuko zuten.

Hor konpon ikasleak, hori zen benetako ondorioa.

Hala ere, egun batzuk pasatu ziren eta ez zegoen kontrol idatzirik.

Lasaitu ere egin ginen pixka bat.

Ez gehiegi, egia esan, baina zeozer bai.

Denetara egiten baitzara.

Txintxetak bere klase-moldearekin segitzen zuen, hizketaldi jasangaitzak emanez.

Bat edo beste apunteak hartzen saiatzen zen oraindik ere.

Beste batzuek liburu aurrean jarri eta irakasleak esandakoak orri haietan harrapatzen saiatzen ginen, azpimarratzeko edo.

Beste hainbat denborapasan aritzen ziren: bakarti samarrak bakarka, gurutzegramak edo hitz gezidunak egiten, eta taldezaleagoak taldeka, barkutan jolasten edo berriketan.

Berriketaren arriskua, entzun egiten dela, eta Txintxetak entzunez gero zuzen-zuzena zen kalerako bidea.

Lehenengo egunean Aurkezne eta Maitane bezala beste asko ere bidali zituen, ia egunero pare bat.

Beste irakasleren batek pasabidean ikusiz gero beti galdetzen zuen:

- Zer egiten duzue hemen?

- Txintxetak bidali gaitu.